XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Juan Antonio Mogelen sermoiak

ADOLFO AREJITA

(DEUSTU)

1. Sarrera modura

Argitaratuko ditugun sermoiok Juan Antonio Mogelek idatziak dira, edo hartakotzat ditugu behintzat.

Multzo honetan sartu ditugunak berarenetariko batzuk baino ez dira.

Hain zuzen ere, letrarik berdintsuenaz idatzirik daudenak.

Txorta honen batasuna, beraz, letraren antzeran besterik ez datza.

Izan ere, Mogelen letra modua aldatuz doa bere bizitzan zehar, eta lehen aldietako idatzietan ageri den idazkera ondo jagona, apaina eta zutuna, denborakgarrenera, narrastuz eta makurtuz doa.

Multzo honetan bildu ditugunak, letrarik txukunenaz idatziak dituzue.

Mogelen lehen aldikoak, bere euskarazko idatzi aurrenengoetarikoak ote diren gaude.

Baieztapen hau ostera, ez dugu letraren arabera bakarrik egiten.

Aldi ezberdinetako bere euskal testuetako grafia, morfologia eta bestelako hizkuntz-zehaztasunetan ohartu besterik ez dago, ezagutzen ditugunen artean hauek zaharrenetarikotzat jo ahal izateko.

Hainbat geroagokoak diren Peru Abarca edo Confesino Ona lako obretako eta sermoi hauetako hizkeraren artean alde handia dago, nahiz eta gaurkoz alde horiek aztertuko ez ditugun.

2. Gure transkribapena

Eskuizkribuok inprimatzerakoan, gaurko irakurlearen begira ondo datozen aldaketa batzuk egin ditugu, bestalde Mogelen geroagoko testuekiko koherentziaz ondo datozenak:

1. Aldaketarik nabarmenena, hitzen banaketaren aldetik egin duguna izan da.

Mogelek, izkribuotan, gehienbat ez beti baturik idazten du aditz multzoa.

Esaterako: urreratugueindez, irabastendau, artuebala, bigunduzaite, botaeguizuz, busticitubanian, e.a.

Banandu egin ditugu atalok: urreratu gueindez, irabasten dau, e.a.

Baina aditz osagaion baterakuntzan laburdura fonetikorik zegoenean bere hartan utzi dugu: esateutsu, eguiebanian, ...

Era berean, eragin faktitiboa beste aditz batzuekin batera idatzirik dakar: aitueraguiten,...

Berdin banandu dugu: aitu eraguiten,...

2. Era berean, aditz multzoari loturik dauden oi, ez, al bezalako modalak, eskuizkribuan loturik datoz: oidaben, enzunezarren, oizarian, ...

Holakoetan ere banan idatzi ditugu: oi daben, entzun ez arren, oi zarian, ...

3. Ez dugu aldaketarik egin ostera, IS-ren determinanteekiko.

Mogelek, izkribuotan, izen multzoari loturik idazten ditu determinante batzuk: bat, au, ori, ...

Bizkaieraz, artikulu hurbil singularrekoak ditugu askotan -au, -ori, e.a.

Arrazoi horregatik ez dugu aldatu, nahiz eta Mogelek berak gerorago banan idazten dituen.